Angel Erro.
JIRA

Biblia astinduta

2019ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Dakitenei entzunda asko ikasten da. Irudiak ikusi arren, ez nekien Boliviako estatu kolpean Biblia hain rol garrantzitsua jokatzen ari zenik. Apaingarritzat nuen, eskuineko populismoa eragiteko tresna, Jeanine Añez ikusi nuenean kristauen liburu sakratua eskutan zuela, burutik gora, Gobernuaren egoitzara sartuta eta Biblia Jauregian zela ozen aldarrikatuta. Ia irudi irrigarria. Gerora jakin dut oposizioa aspaldidanik Biblia astintzen ari zela Evo Moralesen gobernuaren kontra. Gerora jakin dut honek lehenagotik salatua zuela «Bibliaz, Jesukristoz baliatzen dira Santa Cruzen jendea ostikoka erabiltzeko, apalenak baztertzeko». Gerora jakin dut Camachoren eta bere ultrakatolizismoaren berri.

Rikardo Arregi Diaz de Heredia eta Javier Cuadraren artean izandako txio trukea irakurrita eta, gero, Interneten informazio osagarria bilatuta izan dut Bibliaren itzultzaile ebanjelistek Hego Amerikako 80etako politikan jokatutako paperaren berri (hainbat herrialdetatik bota ere egin zituzten, konpainia handien mesedetan herri indigenen kontra erabilitako azpijokoak direla kausa).

Kontuz apaingarri hutsa diruditen tresnekin, esan diot neure buruari; kontuz liburu bakarreko jendearekin; kontuz ere itzultzaileekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.