Angel Erro.
JIRA

Erreferenteak

2022ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Kirolariak beti izan dira beren kiroletik harago ere erreferente. Egunotan ikusten ari gara txertoa hartu ez duen tenislaria mugimendu oso baten lider edo ikur bihurtzeko bidean dagoela, alde batetik, eta bere jaioterrian (non ez den bizi eta non ez duen zergarik ordaintzen; hori Marbellan eta Montecarlon egiten baitu), berriz, Serbiari munduak dion herraren adierazle.

Beharbada ezin da bestela izan. Guk, berriz, zer erreferenteri kasu eman aukeratu dezakegu. Nik gaur aspaldiko boxeolari bat ekarriko dut gogora. Bidera atera zait bideo zahar batean. Hitz jario eder eta umoretsuaren jabe, aurkezleari azaltzen dio txikitan eskaintzen zitzaizkion eredu guztiak zuriak zirela, elizara ere joan eta beltzik ez aldareetan, telebistan ere ez. Are hizkuntzak ere zuria lehenesten zuen, beltzari konnotazio negatiboa emanez. Salgai askoren izenean ere zuri hitza agertzen zela kontatzen du. Erreferente faltaz ari da, jakina. Bera bihurtu zen haietako bat.

Azkenaldiko marrazki bizidunetan pertsonaien arraza anizkotasuna ere bere fruituak ematen hasi da. Hori onartu behar diegu. Beste bideo batekin hunkitu naiz, non ile kizkurreko neska betaurrekodun batek Encanto filmeko Mirabeli seinalatu eta «ni naiz» esaten duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.