Angel Erro.
JIRA

Banderen alde/kontra

2022ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Mordoilo ederra dut buruan banderen alde ala kontra nagoen. Eta uste dut ez naizela nahasita dagoen bakarra. Hasteko, iruindarra naizen aldetik, dagoeneko irri egin diot Enrique Maia alkateak Foruen plazan paratu duen Nafarroako bandera erraldoiari, zeinak nire etxea baino metro karratu gehiago baititu. Baina hor barna entzuten dudan oihalezko ikurraren kontrako argudio bakarretarikoak du aipagai udalari kostatu zaion dirua (eta ez da argudio makala; nork ez du uste ehun mila euro bandera erraldoietan baino gauza probetxugarriagoetan xahutu daitezkeela).

Erraldoitasuna ere banderaren kontra egoteko motibo ona iruditzen zait (gustu txarrarekin edo aurkaria amorrarazteko gogo nabarmenarekin batera). Ematen du tamainak garrantzia baduela. Maiak berak bando berri batean debekatu berri baitu ikurrin handiak zabaltzea sanferminetako txupinazoan: «Bakoitzak nahi duen bandera txikia eraman dezake, baina plaza estaltzen duenik ez». Ados egon beharko nuke, Foru Plazako erraldoiak gogaitzen nauen neurrian.

Madrilgo zinegotzi batek, ortzadarrarena zergatik jarriko ez duten galdetuta, «bandera barruan eramatekoa» dela esan du, bihotzean edo. Barruan eraman dezatela besteek, guk gurea kanpoan eta ezin handiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.