JIRA

Erreka jo

Angel Erro -

2018ko abenduak 22
Analista guztiak gauza bakarrean datoz bat, hurrengo hauteskundeen pronostikoak aztertu dituzten analista guztiak, eta beharbada munduko hauteskunde prozesu guztiak aztertu dituztenak ere bai: bere hautesleria mobilizatzea lortuko ez duen alderdiarenak egin du.

Alderdien edo blokeen arteko boz aldaketaren analisi paradigma gain behera doa, harekin hainbeste dibertitzen ziren sasi politologoen kalterako. Ideologia gabe, ilusioa ikusten dugu ziklo politikoen ardatza. Nekadurak geldiarazi zituen etxean UPNren boz emaile tradizionalak aurreko deialdian. Baina zantzu guztien arabera hurrengoak nagiak aterako dituzte lau urteko sumindurazko bonbardaketa puztuaren ondoren. Lau urteotan espantu franko egin behar izan dituzte, iragarritako apokalipsia iristen ez zela ikusita, ziri txikienari ere helduta. Esanguratsua da aurrekontuen eztabaidan, Joxerra Senarri Twitterreko hari presupuestarioan leitu diodanez, «Carlos G. Adanerok (UPN) gai bakarra atera[tzea]: amatasun baimenen atxikipenak itzuli ez izana», bestelako argudio faltaren salagarri. Berantetsita, gobernua edo laukoa nonbaitetik lehertu eginen zelako itxaropena akitzen zihoakienean etorri da baina eguberrietako oparia.

Orain bai ahal dugula erreka jo!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna