Angel Erro.
JIRA

Bataila sinbolikoak

2019ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Bortxakeria matxistaren kontrako lehen pankartak kendu dituzte Madrilgo udalean (PP buru duen Arganzuela barrutiko biltzar etxean eta Ciudadanos buru duen Vicalvarokoan). Vox-eko zinegotzi batzuk ere ikusi ditugu hotsandiz bulego batean berdintasunaren aldeko afixa erregearen potretarekin ordezkatzen. Maia alkateak ere afixa eta kartel aldaketekin hasi du bere agintaldia: erretratu ofizialak tokiz eta tamainaz aldatu, etorbide baten izen kastrentsea lehengoratu.

Kitzikatu egiten gaituzte bataila sinbolikoek, bero jartzen gaituzte, bataila sinbolikoek eta sinboloek, oro har, batzuetan ongi disimulatzen jakin arren. Diferentziaren bat marraztu nahi izanez gero, legealdiaren hasieran ala bukaeran erakusten dituztenen artean litzateke. Etorbidea erregina bati atzera kontuan ematen diona defentsan ari da jokatzen ikurren gerra. Iritsi eta lehenengo gauza etorbidearen izena armadari itzultzen diona esku da jokaldian. Baina hortik aurrera, kontuak ez digu deus esaten. Mindu ala poztu arren, bandera gora ala behera, errege-erregina bata izan ala bestea, ez dezala inork ahaztu txikikeriak direla horiek, jostagarriak, benetan inportantea dena isil-gordean pasarazteko. Benetako guda zelaia gu gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.