Angel Erro.
JIRA

Elurpean

2021eko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Beste zutabe bat elurrari buruz aste berean, ufa. BERRIAn ikusitako argazki batek du errua. Teknikoki, elurraren ordez, izotzaz hitz egin beharko nuke. Edo, are termino teknikoagoetan, permafrostez. Tranpa egin dut, badakit, baina ingurura begiratu, eta erraza da horretan erortzea. Neure buruak bi gauzak lotu ditu: elur jausia eta munduan zehar betiereko elurren azpian gero eta maizago aurkitzen ari diren historiaurreko animalia izoztuen agerpena. Joan den asteartean Edu Lartzangurenek artikulu ederra osatu zuen Errusian topatu berri duten errinozero iletsu milaka urtez izoztuta egondako bati buruz. Hilabete gutxiren buruan, horretaz gain, duela 39.000 urteko hartz baten eta duela 57.000 urteko otsokume baten berri izan dugu, gutxienez, denak atzo bertan hil izan balira bezain ongi kontserbatuta, edo ia, barneko ehunak, are bigunak ere, eta guzti. Zientzialariak baino ezin dira notiziarekin poztu.

Gaurko hotzak, egunotako zuriak, ez du kentzen, zentzumenek bestela pentsarazi nahi baligute ere, egiaztatuta dagoen eta dagoeneko begien aurrean dugun beroketa orokortua. Honetan ere gelditzen da ukatzailerik? Haiek ezin izanen dira beldurtu elurpean egon daitezkeen birus eta bakterio ezezagunen aipamenarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.