Angel Erro.
JIRA

ETA dira

2021eko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Twitterreko joera nagusien artean «Son ETA» esaldia agertu zait. Duda egin dut sartu ala ez. Twitterreko mintzaera kriptikomikoan orain urte batzuk «X ETA da» esapidea modan jarri zen ez gustuko zerbait gaitzesteko («txorizoa paellan botatzea ETA da»), modu parodikoan espainiar eskuineko politikariek zernahitarako zerabilten hitz eta aitzaki-maitzaki faboritoa kalkatuta. Oraingoan, berriz, serio erabiltzen ari dira, eskuarki dirudienez, sarean eskuindarrak. Autoparodia nahi gabean. Gerora jakin ahal izan dut guztia datorrela Mertxe Aizpuruak Kongresuko presidenteari kexua agertu diolako esanez EH Bildukoak ETAren oinordekoak izatearen etiketa, PPk, Ciudadanosek edo Voxek haien kontra darabiltena, ez duela onartuko. Horrek, antza, goiko «son ETA» hori ekarri du. Baina lehenagotik dator kontua.

Espresio horren kontra, Kongresuan ere, ederki jardun zuen Roberto Uriarte Podemoseko diputatuak orain astebete. «Falazia bat erabiltzen duzue, zuek ETA zarete diozuenean. Tranpa dialektikoa da. Izatekotan, zu ETAkoa zara beharko luke. ETA ez da substantzia bat, inori itsasten zaiona, erakundea baizik. ETAn egon zaitezke, baina ezin zara ETA izan. Horrela esanda, besteak modu arrazionalean ezin gezurtatzea bilatzen da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.