Angel Erro.
JIRA

Zaharfobia

2020ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Zuzendu dit norbaitek atzoko gezia: «Gurean umefobiarik ez dago. Egotekotan, koiunturala da. Benetan kezkagarria da zaharrekiko ahanztura eta mespretxua, COVID-19aren krisi honetan handitu eta nabarmendu baizik egin ez dena. Ikusi ahal izan dugu nola zeuden zahar etxeetan pilatuta, osasun bermerik gabe, hiltokietan baleude bezala, horra sartu eta hurrengo urrats ezinbestekoak hilerria beharko balu bezala. Hondar negozio bidea! Eta hori auziaren punta besterik ez da. Arazo honen kudeaketa guztian hutsaren hurrengoa dela erakusten ari da, lehenago ere hala zelako. Zaharrak baloratzekotan, gainera, haurrekiko harremanean egiten da, aitona-amona gisa. Ekoizpen katetik kanpoan dauden bi muturrak batzen direnean bakarrik balio du zahar jendeak, eta behin-behinean. Umeek barruan duten etorkizun haziagatik integratuak ditugu, hezteari begira bakarrik, gure proiekzio moduan. Baina zaharrak iragan hutsa dira, obsoleszentzia garaian». Laburpena egin dizuet.

Kontra egin ez, argudioan sakontzen jarraitu nahi izan dut, euskara lagun, haren ustez gurean (edo gizartean oro har) nagusiagoa zein zen galdetuta: atsofobia ala agurefobia. Edo berdintasunera iritsiak garen horretan. «Ikuspegi feminista batetik...», hasi da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.