Angel Erro.
JIRA

Abiadura handian

2018ko irailaren 11
00:00
Entzun
Jainkoek eta intelektualek guztia abiada handian ikusteko ahalmena daukate. Abiadura handiko irudiek ulermena errazten dute. Hilkorrok 1:1 eskalara kondenatuta gaude, garaikidetasun muturrekora, gertakizunen gertaera pisu eta motelera, ilusio eta etsipenera. Eta, hala ere, konturatzerako...

Diotenez, hiltzean, geure bizitza osoa timelapse-an igarotzen zaigu begien aurrean, seguruenik zertxobait uler dezagun, azkenik, geure mundualdiaz. Horregatik, maite ditut, aurrerapen txikiaren gisara, munduko migrazio uhin mendeetakoak, esaterako, segundo gutxitan laburbiltzen dituzten bideoak. Euskararen atzerakada motela erakusten digutenak. Horregatik maite ditut (bai, maite ditut) adiskideen ezkontzetan jarri ohi dituzten harremanaren hasieratik gaurkoraino argazki bilduma askotan ez behar bezain laburrak.

Zoritxarrez, begien aurrean denok nahi genukeen baino azkarrago garatzen ari den aldaketa bizitzen ari gara, timelapse-ko abiadura betean ia. Fotograma bat gehiago begietaratu zaigu asteburu honetan Suediako hauteskundeekin: Europan gertatzen ari den eskuin muturraren gorakada.

Ez dago jainko hilezkorrik edo intelektual handirik izan behar horrek nora garamatzan ulertzeko, mundualdi honetantxe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.