Angel Erro.
JIRA

Balorazioa

2018ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Festibal baten bat antolatu duen pertsona bat orain gutxiko solasaldi batean kexu agertu zitzaigun, direnak direlako jardunaldiak amaitutakoan, kazetarien lehenengo galdera bertaratuen kopurua (zifretan emana) izaten delako beti, aurreko urtekoarekin konparatu eta ondorio erraz bat eramateko goiburura. Askotan zaila da neurtzen. Eta zailagoa publikoaren kalitatea («horri buruz ez dute galdetzen; agian hasi beharko genuke, beste batzuek egin bezala, zaharretxeetatik edo jendea ekartzen busez») edo eragindako inpaktuaren nolakoa zehazten. Kudeatzaile batek ezin omen du ez erantzun.

Honetaz gogoratu naiz Durangoko Azokaren balorazioaren ordua iritsitakoan. Argitaletxeek inoiz baino gehiago saldu ohi dute urtero. Gehien saldutakoen izenak eskatuz gero, ia katalogo osoa aletuko dizute. Kulturaren balioa ezin da eurotan neurtu, idatzi zuen Onintza Enbeitak igandean, baina laupabost zero jarraituak oso ongi doazkio harrotasunari.

Gehien gustatu zaidana da Gederiaga elkartearen balorazioa, aurtengo azoka «anitza, baikorra eta arrakastatsua» izan dela esanez. Adjektibo hirukote dotorea, neure buruari ere aplikatzeko egokieraren zain edukiko nauena. Errazenetik hasiko naiz, baikortasunetik: datorren urtera arte!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.