Angel Erro.
JIRA

Aspaldiko

2019ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Egunotako txantxa usuena egin ahal izan dut asteburuan («aspaldiko, iaztik elkar ikusi gabe»), Eguberrietatik ez nengoelako Iruñean. Banuen gogoa gaztetxearenak utzitako giroa bertatik bertara usnatzeko. Ez da beti komenigarria. Urrutitik perspektiba hobea izaten da. Iritzi garbiagoak ditut nik kanpoan. Tokian bertan ugari izaten dira distrakzioak. Ideien mundutik gorputzenetara jaitsita. Esaterako, ez nuen (Alde Zaharreko hormetan izan ezik) kezka handirik sumatu. Ez dut esaten ez zegoenik. Twitterren azaleratuko zen gehienbat, hain zuzen ni nentorren eremu elektronikoan. Zaila da esplikatzen, baina neurri batean Iruñea bera baino iruindarragoa zen Iruñea batetik nentorrelako irudipena neukan. Araztasuna arin galdu dut. Corte Inglesen sartu naiz; harrigarria zenbat jende dabilen lurralde arrotz horretan. Jende horrek guztiak iritzi bat izanen du kezkatzen nauten gaien inguruan, maiatzean bozkatuz edo abstenituz nolabait adieraziko duena. Jende hori guztia erakartzeko ahalmena dugu geure txio suminduekin? Ez dakit. Corte Inglesera zertara sartu naizen ere ez dakit. A, bai. Lanean zortzi ordutik gora zutik egotearen egoteaz leher eginda gauean aterako ez zen lagun bat agurtzera. «Aspaldiko, iaztik, ezta?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.