Angel Erro.
JIRA

Nire lagunak

2019ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Lagun onenak ditut. Inork ez zuen nire liburu aurkezpen batean lotsaraziko ninduen ezer botako. Kontrara, harroago egoten naiz lagunek esan ohi dutenaz niri burura dakidakeen guztiaz baino. Hasier Etxeberria kultur kazetari eskastzat izan dut. Askotan flipatu dut haren galderekin. Bera bizirik zela, zutabe batean salatu nahi izan nuen Aritz Mutiozabal poetari egindako elkarrizketa lotsagarria eta, irribarreak irribarre, erasokorra. Indartsuekin baino ez zen amultsua. Baina ulertzen dut lagunek defendatzea.

Nire lagun batek uste du guztia, funtsean, eremu literarioan kokatzeko estrategia generazional baten barruan ulertu behar dela; irakurketa feminista, behar ontologiko orokorretik harago, tresna bihurtuta. Beste lagun batek «amigas, ez ahaztu, dena da merkatu» esan du.

Hirugarren lagun batek honetaz guztiaz idatzi behar dudan galdetu dit. Ezetz erantzun diot. Matxismo estrukturalaren biktimak areago erasotzen egoteko akusazioaren beldur. Nire beste lagun batek esan dit hori dela gakoa, biktima estrukturala izateak ez duela inor zapaltzaile aritzetik libratzen, baina ezkutu dialektikoa ematen diola. Arazoa estrukturala bada, konponbidea ere bai: gizabanakoa ezin da jomuga izan. Maite ditut nire lagunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.