Bernie Sandersek demokraten hautagaia izateko lehia utzi izanak gogorarazi digu demokraten hautagaia aukeratzeko lehia bazegoela. Azkenaldian, sinetsita nengoen Donald Trumpen aurkari bakarra koronabirusaren krisia kudeatzeko bere ezgaitasuna zela. Edo, aukeran, Obamaren mamua; zehazkiago, Obamacare izenarekin ezagututako osasun erreforma, europar sistemetara hurbiltzen zena, Trumpen administrazioak zapuztu zuena.
Bazirudien, Sandersen atzerapausoak demokraten hauteskunde primarioak gogora ekarri dituen arte, Trump bere urinean egostea baino ez zela behar. Berez, hala jarraituko du izaten. Baina, errealitate kolpe bat jaso dugu, dena den, ustezko garaipena nork bilduko duen argitu bide delako. Ez da izanen neurri sozialak urrutien eramateko prest zirudiena, Obamaren lehendakariordea izandakoa baizik. Sanders despeditu da bere mugimenduak ekarri duen bira ideologikoa aldarrikatuz. Garaipen moralarekin konformatu beharko da. Ez dirudi hemendik lau urtera bere burua hirugarrenez aurkezteko moduan egonen denik. Baina zer dakigu hemendik lau urtera, edo are lau hiletara ere, gertatuko denaz. Gauza bakarra dut segurutzat: Trump eta Biden berdin-berdinak direla sostengatzen hasteko atzerako kontua hasi da gurean.
JIRA
Ez adiorik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu