Angel Erro.
JIRA

Sablea eta mailua

2020ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Ez da sekretu bat espainiar eskuina, boteretik kanpo dagoenean, kolpeka hasten dela, kolpe ameskerietan, sable zurrumurruaz, kolpe gogoan, kolpea etor daitekeelako mehatxu hasieran sotil baina gero eta agerikoagoarekin. Herritarren bozek osatutako kongresuaren diputatuek aukeratutako gobernua ezbaian jartzea izaten da lehen pausoa, zilegitasuna ukatuta. Giroa gaiztotzea beste helbururik ez ohi dute. Ordena naturala berrezarri arte. Gizartearen zati batean mezua barneratu eta beste emaitza bat lortu arte. Dena den, kalean ikusi diren alarde faxistak ikusita, hurrengo hauteskundeetara zain egon ahalko ote diren ere zalantzagarri gertatzen da.

Badirudi, tankeak kalera atera baino lehen gobernu zentralak periferiako nazionalitate bihurrien kontra dagoeneko erabilitako bitarteko berberak praktikan paratuko dituztela, sablea bai baina batez ere mailuak aterata, epaileen mailuak. Voxen manifestazio motorizatuetan parte hartzaile gutxi egon omen direlako poztu ziren batzuk berehala, ohartu gabe epaile, hedabide eta merkatuak alde dituenak ez duela berez kalean jende uholderik behar. Sableak gailentzen badira, barne kolpea izanen da, Brasilen bezala, epaile baten mailuak lagunduta, gaizki ohituta daude eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.