Angel Erro.
JIRA

Hamalau sintoma

2022ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Umberto Ecok hamalau sintomatan bildu zituen faxismoaren ezaugarri eternoak, hura bereizten jakiteko, maiz maskaratzen baitu bere burua. Gomendagarria, ziri ideologikoa sar ez diezaguten. Zortzigarren puntuak: «Erretorika erregistro aldaketa etengabeari esker, [faxisten] etsaiak aldi berean dira indartsuegiak eta ahulegiak». Hau faxismoaren diskurtsoan gauzatzen da erasoak elite abstraktu eta garaiezinen kontra eta bitartekorik gabekoen kontra bideratzean.

Hitz beste eginez, asteburu honetan leitu dudan txio batek pentsarazi dit euskarafobiak ere argudio bifokal berdintsua darabilela. Euskara aldi berean da inork ulertzerik ez duen hizkuntza asmatu bat eta erdararen igual-igualak diren hitzak erabiltzen dituen hizkuntza irrigarria. «Hanburgesei hanburgesa deitzea ere, kar-kar, eta ez dago brownie esateko euskal ordainik, ala?». Erreparatu gabe (kritikak eginda dauden) gaztelaniak ere mailegatu dituela, egokituta edo gabe, hitz horiexek. Euskara aldi berean da zailegia (eta, beraz, ez dago ikasterik; ikusi bestela medikuen hizkuntz profilez azkenaldian esaten ari direna) eta errazegia (eta, beraz, ez du ikasterik merezi).

Nik uste erraz iritsiko ginela euskarafobiaren hamalau sintoma identifikatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.