Angel Erro.
JIRA

Gu dekadenteok

2022ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Beharbada ez dugu Putinena ongi ulertuko ezker-eskuin edo nazismo-demokrazia terminoetan neurtuta, berak planteatzen dituen terminoetan baizik: gainbeheran den gizarte baten kontrako batailan (non «ume batek bi aita, ezen ez guraso, edo are hiru ere, izan baititzake»).

Dekadentziak izen txarra du. Zibilizazio batek, kolapsatu aurretik, bizi duen azken aldi moduan ulertu da historikoki. Hala erakutsi digute. Beraz, nor egonen da pozik bere buruari (bere bizimoduari) dekadente deitzearekin, galtzailetzat jotzearekin? Gutxi batzuk bai. Nik beti susmatu dut gizarte dekadente batetik kanpo bizi aukera gutxi izanen nituela. Hortik gizarte dekadente direlakoei izan diedan maitasun isila.

Dekadente adjektiboaren itzulpen positiboa tolerantea litzateke. Edo askotarikoa. Baina hitz horiek nekez iristen ziren historiako lezioetara. Horrek onarrarazi beharko ligukeelako iraganean irabazitako intoleranteen eta fanatikoen ondorengoak garela. Susmoa dut gizarte ez dekadente batean (nola deitu beharko genuke?, gizarte sano?, kementsu?) nire egunerokoa malenkoniatsua izanen dela/zela. Agian dekadentea tolerantzia eta malenkoniaren batuketa baino ez da.

Prest nago dagoeneko existitzen ez dena (inorentzat ez) defendatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.