Angel Erro.
JIRA

Bihia eta ahotza

2022ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Luxuzko preskribatzaileak ditu, agidanez, euskal literaturak. Jorge Mario Bergogliok, Frantzisko aita-santua izenaz ezagunagoak, Miñan gomendatu du aurtengo apirilean, Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen liburua, italianoz Fratellino izenburuarekin itzulia.

Ez da urte erdia pasatu Cate Blanchett aktoreak Kirmen Uriberen olerki bat inspirazio iturrirako baliatu duela jakin dugun arte. Udako gau epela-ren ingelesezko itzulpena dela zabaldu da, eta, izan ere, horixe da The New York Times Magazine-n itzulita ematen dutena, baina berez ematen du Blanchettek kazetariari igorrarazi ziona In the Coastal Town izan zela, Uriberen 17 segundo liburuaren poema batzuen bilketa, Antzo-mendiko billarra izenekoa ere barne hartzen duena (hortik kazetariaren interpretazioan poemak «Espainiako nerabeen maskulinitate eta droga mendekotasunari buruz» jardutea, aipatutako zatitik nekez erator daitekeen zerbait).

Edonola, eta gaizki-ulertuak gaizki-ulertu, zinez eskertu behar da atzerriko literatur gomendatzaile luxuzko hauen lana, etxean ditugunak ere ez baditugu ahazten, distira eta esker on gutxiagoz arduratu eta arduratzen direnak, euskaratik beretik, bihia eta ahotza bereizteaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.