Zalantza bakarra dago: Mercedesen atzetik nor

Udako etenaldiaren ondoren, asteburuan ekingo diote berriro Munduko 1 Formula Txapelketari, Belgikan. Mercedesek ikusgarri hasi zuen urtea, baina haren nagusitasuna jada ez da erabatekoa. Red Bullek gora egin du, eta Ferrari gainditzear da.

Lewis Hamilton, Hungariako Sari Nagusia irabazi berritan, joan den abuztuaren 4an. TIBOR ILLYES / EFE.
Laurentzi Garmendia
2019ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Aasteburu honetan jokatuko da Belgikako Sari Nagusia. Han baieztatuko da udako etenaldiaren aurretik hasi zen bolada aldaketak bere hartan jarraituko duen edo ez. Mercedes autoak gidarien eta autogileen txapelketetako buruan dira. Gidarienean, gainera, lehen eta bigarren dira: Lewis Hamilton eta Valtteri Bottas. Urtea ikusgarri hasi zuten, eta horri esker eusten diote lehen postuei.

Hala ere, larritzen hasiak dira azkenaldian, Frantziatik hona jokatu dituzten lau lasterketetan lortutako emaitzek ez baitute antzik denboraldiko lehen lau lasterketekin. Hala, Frantziako Sari Nagusira iritsi aurreko zortzi lasterketetan Hamilton ez zen podiumetik jaitsi: sei aldiz irabazi zuen, eta bitan izan zen bigarren. Erabateko nagusitasun hori, behintzat, ezbaian dago oraintxe, eta datozen lasterketek joera bera izango dutela dirudi.

Azken bi urteetan, Ferrari saiatu da Mercedesi aurre egiten, baina ez du izan arrakastarik. Hala hasi zen aurten ere urtea, batez ere Charles Leclerc fitxatuta. Monakoarrak taldearen balioa handitu du, Kimi Raikkonen baino azkarragoa izan delako. Bi garaipen esku-eskura izan ditu, Bahrainen eta Austrian. Lehen lasterketa irabazteke du oraindik. Lor dezake; betiere, Ferrarik haren autoaren ahuleziak identifikatu eta konponbidea jartzen badie. Izan ere, denboraldiak aurrera egin ahala, autoak garatu egin ohi dira, eta lasterketa bakoitzean aurrekoan baino azkarrago bilakatu ohi dira. Garapen horretan, Ferrarik uste baino zailtasun handiagoak topatu ditu, agerikoa baita azken lasterketetan Mercedesekiko atzean gelditzen ari direla. Ez aurrera, ez atzera dabil autoaren txasisarekin, eta azken zirkuituetan oso agerian geratu da hori. Motorra, ordea, txapelketako indartsuena da. Horretan, bai, asmatu dute italiarrek, eta datozen zirkuituek, batez ere Belgikakoak eta etxekoak, haien alde egin beharko lukete.

Potentzia eta eraginkortasun aerodinamikoa eskatzen duten bi zirkuitu horiek ez dute Ferrariren benetako egoera ezkutatuko, ordea. Bigarren dira autogileen txapelketan, baina ez da benetako egoera. Italiarrak urruntzen ari dira burutik. Halakoetan, egoeraz baliatzen denik ez da falta, eta hor agertu da Red Bull. Urte hasieran,Helmut Marko taldeko aholkulariak esan zuen bost garaipen lortuko zituztela. Inor gutxik uste zuen Honda motorrarekin garaipena bera posible zenik. Baina Marko ez zebilen oker. Hungarian, ia hirugarren garaipena lortu zuen Max Verstappenek, Mercedesek estrategia lezio batekin kendu zion arte. Pistan ikusitakoagatik, behintzat, oso posible zen lau lasterketetan hiru garaipen lortzea. Sailkapenak kontrakoa dioen arren, beraiena da bigarren postua, Ferrarik ez baitu irabazi.

Red Bull, hegan

Sebastian Vettel eta Leclerc ez dira ondo ari, baina antzeko emaitzak eskuratu dituzte. Red Bullen, aldiz, Verstappen txapeldun baten gisan ari da. Guztiz heldu da. Lasterketa guztiak amaitu ditu, eta hori Hondaren nahiz Red Bullen lan onaren erakusgarri ere bada. McLarenek ia hondamenera eraman zuen Honda, eta, ziur aski,gauza bera esan daiteke alderantziz ere. Baina Red Bullen oso ondo jakin dute motorra nola integratu, haren bertuteak nola ustiatu, eta, agian, garrantzitsuena dena, japoniarrekin nola elkar ulertu. Historiak erakutsi du Red Bull oso exijentea dela motorrarekin, eta horren jakitun da Renault. Vettelen garaian Ferrarik lortutako lau tituluak frantziarren mekanikarekin irabazi bazituzten ere, Turboaren aroa kontrako eztarrira joan zitzaien. Hondak badaki Red Bullek ez zuela Renault gainetik kentzeko aukeratu, baizik eta tituluak irabazteko, eta horretara bidean daude.

Galdera da: noiz? Toto Wolff Mercedeseko buruak aurten bertan Verstappen gertutik jarraitzeko abisua eman du. Herbeheretarra hirugarren da sailkapenean, Ferrariko bien aurretik, eta Bottasengandik zazpi puntura. 69ra du Hamilton. Beraz, errealista izanda, ez du zereginik. Datorren urterako bidea prestatzen ari da, ordea, eta, araudia egonkor mantenduko denez, egungo irudia oso esanguratsua da. Belgika eta Italia ez dira Red Bull-Honda autoarentzat aproposenak, baina Singapurren faboritoak izango dira. Gainera, Hondak lasterketa beroetan errendimendua hobetzeko neurriak ezarri zituen Austrian, eta horren eragina udako emaitza onetan ikusi ahal izan da. Urtea amaitu bitartean, Verstappenek Bottas gainditzea izango du helburu, eta Red Bullek Ferrari gainditzea autogileen txapelketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.