EKOGRAFIAK

Oporretan ikusitako bat

Miren Manias -

2018ko irailak 5
Udak telebistatik urrundu nau. Ondo deskribatu zituen horren zergatiak atzoko Ekografia-n Lander Arretxea zutabekide berriak. Ugariak izan dira festak eta urriagoak (telebista) funtzionarioen lanorduak —akaso, azken horrek azal lezake abuztuko Gaur Egun-en iraupen laburra—. Baina «garaian garaikoa», esan du Arretxeak. Bueltatu da Ekografiak, telebista «gurtzeko eta egurtzeko». Ikasturte berriari martxa hartzen diodan bitartean, hasi nahi nuke oporretan bizitako eta telebistarekin lotutako esperientzia batekin —nola ez—.

Estonia eta Letonia bisitatu ditut, Tallinn eta Riga hiriburuak hain zuzen ere. Lehenengoan, harrigarria iruditu zitzaidan zinema nazionalari eskainitako museoa aurkitzea. Herrialdeak 1,3 milioi biztanle besterik ez ditu, eta batez besteko produkzioa bost film luzekoa da urtean, estonieraz —errusiar hiztun komunitate handia dute, biztanleriaren laurdena edo herena—. Museoak erakusketa iraunkorra du —filmatze prozesua azaltzen du, etxeko zinemaren historiaren bitartez—, eta beste bat aldiro aldatzen dute.

Beste gauza batek ere arreta eman zidan, Tallinnetik Rigarako autobusean. Ia bost orduko bidea zen eta eserleku bakoitzak bazuen pantaila bat Interneteko konexioa, mahai joko digitalak, filmak eta liburuak zeuden eskuragarri—. Film bat ikustea aukeratu nuen, eta segidan agertu zitzaidan azpitituluak ezartzeko zerrenda. Guztira, munduko hamalau hizkuntza. Zoragarria.

Euskal Autonomia Erkidegoan, aldiz, bi milioi lagun bizi dira, eta urtean fikziozko bi film ekoizten dira euskaraz. Ez dugu etxeko zinemaren historia biltzen duen museorik, ezta telebistan nahiz bestelakoetan azpitituluak erabiltzeko politikarik ere. Bitartean, Euskal Kultura Ondarearen Lege berria aurkeztu dute; aurrera ateratzen bada, ondasun immaterialak babestuko ditu lehen aldiz. Adibidez, bertsolaritza eta euskal dantza. Azpitituluez ez dator ezer. Agian merezi du gogoratzea Hizkuntza Minoritarioak eta Erregionalak babesteko Europako Gutunak (1992) sinatzaileei ezartzen diela hizkuntza minorizatuetan ekoizten diren lanen sarbidea errazteko obligazioa, itzulpen, bikoizketa, post sinkronizazioa eta azpitituluen jarduerak garatuz. Momentuz, gurean inork erabili nahi ez duen kultura ondasun immateriala.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna