gorka julio
IRLEN SAREA

Ohitura osasuntsuak

2018ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Kirola egitea edo osasuntsu jatea ohitura onak diren arren, helburua lortzeko datu bidezko kontrol teknologiko gehiegizkoak helburua bera ahaztera ekar dezake.

Gaztetxoen elkarteko aka Club Juvenileko kamiseta zaharra, galtza motzak eta zapatila zaharrenak hartu eta korri egiteko garaiak pasa ziren aspaldi. Derrigorrezkoa da Decathlonen erositako uniformea eta zapatila fluoreszenteei gailu teknologikoak gehitzea; horrek bihurtzen zaitu runner beste ezerk baino gehiago. Berdin, igeriketa edo oinez egin nahi baduzu ere, askok, gehiegitan begiratzen diogu gure gailuek, sakelakoek edo eskumuturrekoek ematen dizkiguten datuei, helburu bihurtzeraino. Marka gainditu, derrigorrezko 10.000 pausoak egin, X kaloria erre...

Nik erabaki dut ez ez dizkiodala datuak emango eskumuturra saldu zidanari. Kasu gehiegirik ez egitea ere erabaki dut, garai batean garrantzitsuagoa zena, informazio bat gehiago bihurtuz. Ez naiz kirolari profesionala ez eta okasionala ere, baina jabe naiz norbaitentzat datuek izan dezaketen interesaz. Datu horiek guztiak baturik gailuen datuen benetako jabeek izan dezaketen informazioak larritzen nau.

Kirolari lotutakoak ez ezik, osasunaren inguruko datuak dira —gure bizitzarekin harreman zuzenena dutenak— enpresa teknologikoentzako helburu nagusi. Ez da kasualitatea azken eguneraketarekin batera, Google Android gailuetako Fit aplikazioan hain erasokor aritzea gure datu eskean. Datu horiei esker, norbanakoen biziraupenaren estimazioak ez ezik, jendartearen norabidea «iragartzeko» modeloak diseinatzeko baliatu baitaitezke.

Politika publikoak egiteko ere balioko lukete, baina gutxi dira, jendartearen gaineko kontrol gehiago eskuratzeko estrategia bati loturik egon gabe ongizate hutsagatik egingo luketenak. Aldiz, ez dut imajinatu nahi, zer gertatuko litzatekeen osasun publikoak DKV aseguru enpresa pribatuaren bidea hartuko balu. Sortu duen sakelako app baten bidez «ohitura osasuntsuak» dituztela demostratzen dituztenentzat aseguruak merkeago edo garestiago eskaintzen ditu orain; hau da, bere arrisku kalkulurako datuak oparitzen dizkionarentzat bakarrik. Ohitura osasuntsuak izatea teknologiaren erabilera derrigorrezkotik pasatu beharko balu bezala, hemen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.