Angel Erro.
JIRA

Hauexek nire hatsarreak

2018ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Ezusteko galanta eraman du munduak Saudi Arabiari giza eskubideak bost axola zaizkiola jakitean. Edo jakitean baino, ez ohartuarena ezin egitean. Armak saltzen jarraitzeko aitzakia erraz aurkitu zuen Celaa andreak, prezisio handikoak zirela eta bereizkuntzarik gabe hil beharrean, yemendarrak ongi bereizita hilko zituztela argituz. Jamal Khashoggi kazetariaren kasuan ere, hainbat gobernuri (haiek ere horrelakoak egin izan dituztelako, aitortu ala ez) onargarria egiten ahal zaion eskuetatik joandako galdeketa (hots, tortura) aipatzen hasi ziren. Erailketa hotza izan dela salatzen dute grabaketek. Estatu ustez demokratek zerbait egin beharko dute beren printzipioen zintzotasunean sinesten jarraituko badugu. Ezagun batek dio printzipioak bakarrik direla dirua kostatzen dutenak. Beharbada arrazoia du. Beste guztia asmo onaren adierazpen hutsa da. Garaia dute demostratzeko giza eskubideak hatsarrea dela, petrolio edo armen negozioa galduta.

Espainiak hor koherenteago jokatu du flandestar enbaxadoreari estatus diplomatikoa kenduta. Estatuaren hautsezintasunaren hatsarrea azken ondorioetaraino eramanda. Atzerriko estatuekin ere aplikatuta. Beste kontu bat da hatsarreek, bete ala ez, zer zaren salatzen dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.