Angel Erro.
JIRA

Geu erditzen

2018ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Bartzelonan eta Madrilen iragarki kanpaina abiatu du amatasun subrogatuaren aldeko elkarte batek (ez nonahi, Madrilen behintzat, toki oso deigarri eta, suposatzen dut, ez merkeegian, non, elkarteek ez, normalean enpresa handiek beren produktuak promozionatzen duten). Harrigarriena da zer lelo aukeratu duen, ia probokazioa baita, feminismotik alokairuzko sabelei aurpegiratzen zaizkien argudioei kontra egiteko feminismoaren aldarri bat errepikatu duelako («Nosotras parimos, nosotras decidimos»: Geu, emakumeok, erditzen, geuk erabakitzen). Errepikatu, baina sinetsi ez. Errepikatu, kapitalismoek aldarrikapenetatik propagandarako eslogan urardotuak sortzen dituen mekanismo berarekin (nik oraindik dut etxean banku baten elastikoa, iraultzaile hitza gorriz idatzita, Sanzek eta Barcinak delako bankua benetan iraulkatu baino lehenagokoa).

Leloa da harrigarria, baina baita nori zuzentzen zaion ere. Madrilgo erdigunean kokatuagatik, ez dut uste hiriburuko emakumeek besteen seme-alabez erditzeko errekrutatze kanpaina bat denik, erditzen direnez gero erabaki horretara bultzatzearren. Horretarako, Indian paratu behar, adibidez. Horko emakumeak poztu daitezen beren gorputzaren gaineko erabakimenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.