Angel Erro.
JIRA

Garizuma

2019ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Trailer batek gogorarazi dit, eta berritu du nire gogoan, garizumaren jatorrizko esanahia. Berrogei eguneko itxaronaldia da berez garizuma. Latinetik dator hitza. Quadragesima ordinaletik, zeinak berrogeigarrena esan nahi baitu. Hausterre egunetik Larunbat Sainduraino. Eliza Katoliko Erromakoak ez ditu igandeak zenbaketan sartzen. Beste guztiok bai.

Atzo berrogei eguneko itxaronaldia abiatu zen Game of Thrones telesaileko azken denboraldia estreinatu arte. Garizuma laikoa, munduan zehar miloika fedekidek hertsiki beteko dutena, agian ez baraualdi eta abstinentzia eginez (nahiz eta egonen da egunotan beste telesail epiko batean murgildu nahi izanen ez duenik, bihotz aratzagoaz jaso ahal izateko Zazpi Erreinuetako abenturen askaera). Inoizko garizuma irrealenean.

Penitentzia eta gogoeta egitera emanak dira garizumaren egun meheak. Kontrizioa eginen dut nik ere, (idatzizko) literaturaren gailentasun sentimenduaz damututa. Tronuen Dema honek zerbait erakutsi badigu da fikzioaren lekuko eta hegemonia telesailek hartu dutela, aspaldidanik hartu baitio aurrea egokitzapenak George R. R. Martinek idatzitako jatorrizkoari.

Tartean karapaixoa eta torrijak ere dastatuko ditut, ez baita guztia onezko damu izanen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.