Jaurlaritzak 600 milioi euro nahi ditu bonuen bidez

Iker Aranburu.
2019ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Iaz arrakasta lortu zuela ikusita, Eusko Jaurlaritzak bonu jasangarriak jaulkitzea erabaki du aurten ere. 2018an, 500 milioi jaso zituen merkatuetan, eta, aurten, 600 milioi biltzea erabaki du. Diru horren %83 ekinbide sozialetan inbertituko du Gasteizko gobernuak, eta ingurumen kontuetara joango da gainontzeko %17a.

Jaulkipena «lehenbailehen» egin nahi dutela azaldu zuten atzo Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak eta Alberto Alberdi sailburuordeak. Finantza merkatuan baldintza «egokiak» ikusten dituzte orain zorra saltzeko, interes tasa txikiak ordaindu beharko lituzkeela uste baitute. Hauteskundeen aurretik egitea hobetsi du, ez dadin gertatu boz horien emaitzek inbertsoreak asaldatu eta interes tasa handiagoak eskatzea.

Jaurlaritzak iazko ekainean jaulki zituen lehen aldiz bonu jasangarri deitutakoak. Ez zitzaizkion erosleak falta izan: eskaintza halako hiru izan zen eskaria, 1.583 milioi eurorena. Ehun inbertitzailek erosi zuten Jaurlaritzaren zorra, horietatik %65 Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpokoak. Hamar urtean itzuli beharko du diru hori, %1,45eko interesarekin urtero.

Fidantza ikuspuntu hutsetik, ez dago alderik bonu arrunt eta bonu jasangarri baten artean: jaulki duen erakundeak edo enpresak dirua eskatzen du merkatuetan, eta diru hori interesekin itzuli behar du. Bonu jasangarrien berezitasuna da inbertitzaileei aldez aurretik jakinarazten zaiela bildutako dirua zertarako erabiliko den, eta gastu soziala edo ingurumenaren inguruko gastua finantzatzeko erabili behar dela. Zorpetzea atera duen enpresak edo administrazioak xede horiek betetzeko konpromisoa hartzen du. 2007. urtean egin zuten jasangarri gisa sailkatutako lehen bonuaren jaulkipena. Europako Inbertsio Bankuak egin zuen. Gero eta gehiago erabiltzen da, gero eta inbertitzaile gehiagok jartzen baitute finantzatzen duten gastua soziala izateko baldintza.

Aurten, Herbehereetako inbertitzaileak erakarri nahi ditu Gasteizko gobernuak. BBVA, Santander, Caixa, Sabadell, Credit Agricole eta Norbolsaren bitartez bideratuko du jaulkipena.

Bonu jasangarriak ez ezik, bonu arruntak ere jaulkitzen ari da Jaurlaritza. Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak jakinarazi duenez, joan den astean 150 milioi euro jaso zituen merkatuetan. 30 urte barru itzuli beharko du zorra, eta %2,35eko interesa ordaindu beharko du. Erosleen %87 alemaniarrak izan ziren, aseguru etxeak eta pentsio funtsak nagusiki.

Iragan urtea 9.134 milioi euroren zorrarekin bukatu zuen Jaurlaritzak, Azpiazuren datuen arabera. Barne produktu gordinaren %13,6 da hori. Aurten %13,8ko muga bete beharko luke, Egonkortasun Planaren arabera, eta2020an, %13,2koa. «Argi eta zorrotz ari gara betetzen helburua», aldarrikatu zuen Azpiazuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.