Angel Erro.
JIRA

(Des)oroituz

2021eko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Fernando Mikelarena historialariari kereila jarri dio Del Burgotarren kide batek, ez Nafarroako Diputazioaren presidentea eta Luis Barcenasek banatutako diru kontabilizatu gabearen jasotzailea izandako Jaime Ignaciok, baizik eta semeetako batek, gerra zibilaren «garaileen (des)memoria» hizpide hartzen duen lanean haren aitonaz esandakoengatik. Izenburuko desmemoriak indarrean jarraitzeak lana eskatzen du-eta. Etxeko marka da. Nafarroan gerra zibilaren garaileak urtetan izan dira jaun eta jabe, pilatutako boterearen jatorria ezkutatu eta zurituta. Hala mantendu nahi izateak badu zerbait bitxitik, nolabait erakusten duelako zilegitasun lapurtuaz egon direla uste dutela, Espainian nagusitzen hasi den diskurtsotik pixka bat aldenduta, seguruenik gurean ez dutelako bi bandoek gehiegikeriak egin zituztela defendatzerik.

Oker ez banago, kereilak ez du ibilbide luzeegia izanen. Historialari serioa da Mikelarena (1936an Nafarroan izandako garbiketa politikoari buruzko bere saiakerak Euskadi Saria eskuratu zuen orain bost urte) eta horrek dokumentuetan oinarritzen dela esan nahi du. Del Burgok aitonaren «izen ona» auzitegian gorde nahi izateak desoroimena eta nafar onen mitoa luzarazi nahi ditu, eskutik doaz-eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.