Angel Erro.
JIRA

Terrazan (I)

2021eko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Lagunak noiz iritsiko zain nago, ni beti goiztiar, hitzartutako terrazan. Mahai handi bat okupatzeko lotsaz eta larderiazko begiradez babesteko eta neure burua entretenitzeko, egunkari bat hartu dut. Jorge Nagoreren zutabean irakurrita jakin dut Navarra Sumak zera proposatu duela, engoitik alderdi politiko bakoitzak hauteskundeetan izandako ordezkaritzaren arabera edukitzeko parlamentuan, oholtzan, mintzatzeko denbora. Boto gutxiago dute boz gutxiago duten alderdiek, baina ez, berez, ahots gutxiago. Pentsatzekoa da demokraziaren zentzu batek hala agintzen duela.

Hemendik gutxira lagunak iritsiko dira azkenik, nik egunkaria dagoeneko itzuli dudala. Irakurritakoa aterako diet hizpide. Nire harridurako ez dira egonen ni bezain eskandalizatuta. Logiko ikusten dute. Zertaz behar du alderdi txiki-txiki batek, ordezkaritza ozta lortzera iritsi ez den batek, gehiengoaren denbora bera eduki? Solasbideak berehala joko du beste bide (bareago) batera. Hala ere, hemendik tartetxo batera, alde egin eta ordaintzeko denbora iritsiko denean, kontua bakoitzak duen soldata edo nominaren arabera kalkulatzeko proposamena eginen diet.

Susmoa dut proportzio horretan ez diela (Navarra Sumakoei ere ez) hainbeste graziarik eginen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.