JIRA

Esternalizazioa

Angel Erro.
2022ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Gure garaiko hitza da, dudarik ez,esternalizazioa. Gobernuek zerbitzuak esternalizatzea maite dute. Guztia errazten du. Kontrol urriagoa da, negozioa eskurago. Hona ez gara gu (edo gure lagunak) aberastera etorri, baina... (ez-dakit-zer eraginkortasunari eta publiko eta pribatuaren arteko kolaborazioari buruz, are herrigintzari buruz ere).

Azkenean errentagarria dena, baina baitadesatsegina zaiguna ere, esternalizatzen dugu, poz-pozik. Heriotzaren kudeaketa, esatera. Izara zuri anonimoetan hiltzen gara eta ezezagun batek beztituko gaitu eta zizare edo sugarrentzako atonduko.

Berez, ez dago esternaliza ezin denik. Herrialde baten muga mugiezinak, kasurako, beste herrialde batek kudea ditzake, lasai asko Espainiakoak (edo, orokortzea nahiago baduzue, Europakoak) Marokok (edo Turkiak) zaintzen ditu, aski prezio onean, asteburuan ikusi dugun ondorio hilgarriekin. Baina, errurik ez, kulpa ere kanporatu dugu-eta.

Boris Johnsonek asiloa bera ere, eskubide zahar(kitu) hori, esternalizatu behar du, Afrikara, call center bat balitz bezala.

Honelakoak gure izenean egiten dituzte, baina europarrok sumina ere esternaliza dezakegu, erreferentziazko zutabegileek kexa polit bat eginez gero kalera ateratzeaz salbuetsita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.