Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Itzultzea

2022ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Aspaldi ikusitako telesailetara itzultzea gutxitan egiten dudan zerbait da. Askotan The Sopranos edo Treme bezalako telesailetara itzultzea gustatuko litzaidake. Baina eguneroko errutinan telesail berriek irabazten dute eta nire desira horiek zintzilik geratzen dira. Plataformak nire antzera ibiltzen dira askotan. Berritasunak ekartzen saiatzen dira publiko berria lortzeko, baina askotan arrakasta gehiago izaten dute duela urte batzuetako telesailak berreskuratzen. West Wing telesailarekin HBO Maxek arrakasta handia lortu zuen, eta ezin dugu ahaztu zer-nolako harrabotsa sortu zen Friends telesaila Netflixetik HBO Maxera pasatu zenean.

Uda honetarako HBO Maxek asko gustatzen zaidan telesail bat ekarri du bere katalogora: Parks and Recreation. AEBetako Indiana estatuko hiri baten udaletxeko egunerokoa erakusten du telesailak. Bereziki udaleko parkeen sailaren egunerokoa ikusiko dugu bertan. Telesaila ikusi ez baduzu, biziki gomendatzen dizut uda honetan udaletxe horretako funtzionario traketsen gorabeherak ikustea. Umore erraza duen telesaila da, eta burokraziari kritika zorrotza egiten dio. Telesail horrek The Office-ren estiloa du. Parks and Recreation telesaila hasi zenean, Community telesaila ere emititzen hasi ziren. Bi fikzioek oso umore berezia dute, eta biei diet estimu berezia.

Parks and Recreation-en itzulerak bertara bueltatzeko gogoak piztu dizkit. Amy Poehler aktoreak Leslie Knopen rola jokatzen du. Pertsonaia hori asko gustatu zitzaidan telesaila ikusi nuenean, eta, horren ondorioz, aktore eta komiko horren lana gertutik jarraitzen saiatu izan naiz. Beraz, oso argi daukat abuztuan zehar noizean behin telesail horretako kapituluren bat ikusten jarriko naizela. Berritasunak ez ditut alde batera utziko, ordea. Estilo bertsuko telesail berri bat aurkitu dut, gainera: Abbott Elementary (Disney Plus). Telesail horren lehen kapitulua bakarrik ikusi badut ere, aipatu ditudan telesailen umore antzekoa duela esan dezaket. Ziur nago telesail hori oso bizkor ikusiko dudala. Abuztuan Ekografiak izeneko txoko honetan idazteari utziko diot, baina telebista eta telesailak ikusten jarraituko dut. Irailean kontu berriekin itzuliko naiz, baina momentuz gustatu zaizkidan gauzetara itzultzeko denbora emango diot neure buruari. Laster arte!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.