Angel Erro.
JIRA

Orgasmoa dohaintzan

2022ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Notizia ez nuen ongi ulertu, agian egun berean gure izeba batekin gorpua zientziari dohaintzan emateari buruz hitz egina nengoelako. Egunkari batean «Cara Delevingnek bere orgasmoak zientziari eman dizkio» irakurri eta, orgasmoak gabe, organoak ulertu nuen. Kasik ez nintzen clickbait-ean erori, hain iruditzen zait, txalogarriaz gain, ekintza logikoa. Zorionez garaiz ohartu naiz amu sexualaz, eta orgasmoak zientziari (edo edozeini) nola eman ahal zaizkion jakiteko sakatu dut. Jakin dut Cara Delevingne aktore britaniarrak parte hartu duela generoen arteko arrakala orgasmikoari buruzko ikerketa zientifiko batean. Iruinxemea naizen aldetik, ezin izan dut saihestu Maia gure alkateaz gogoratzea. Orain bizpahiru urte, Iruñeko alkateak zentsuratu zuen Paola Damontik eman beharreko hitzaldi bat, hain zuzen, arrakala orgasmikoa hizpide zeukana (azkenean Emakumeen Etxean beharrean Katakraken eman zutena), «egokia» ez zelakoan. Zentsore atzerakoia alkatetzat izan dugula gogoratzeko bada ere merezi du Delevingneren notizia zabaltzea.

Orgasmo bat izan aurretik eta ondotik odol lagina hartzea baino ez du eskatzen ikerketak. Oposizioak alkateak estudioan parte hartzeko proposamena helaraztea espero dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.