Angel Erro.
JIRA

Maskarak

2020ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Pertsona hitzak maskara esan nahi du jatorrian. Euskarak latinetik hartu zuen (persona), latinak etruskotik (phersu) eta etruskoak, antza, grezieratik (prosopon), non zehazki musuaurrekoa esan nahi duen hitz konposatua baita. Hizkuntzatik hizkuntzara egin duen bidaian, esanahiz ere aldatu da, antzerkiko maskara hutsa adieraztetik hura janzten zuen antzezleak jokatutako rol edo pertsonaiari erreferentzia egitera eta hortik, oro har, gizaki edo norbanakoaren zentzua hartzera, seguruenik auzitegietako hizkeratik pasatuta, hau da, hasieran norbanakoaren soslai sozio-juridikoari erreferentzia eginez.

Horrek guztiak iradokitzera garamatza janzten dugun maskararen arabera jokatzera jotzen dugula, eta jokatzen dugun rolaren arabera munduaren aurrean agertzera ere bai, eta munduaren aurrean proiektatzen dugun irudiak azkenean gure izaera bera baldintzatzen duela. Alegia, maskara bat luzaro eramateak eragin sakona izan dezakeela geure nortasunean.

Ez dut hemen laburtzeko tartea, baina, pertsona hitzaren etimologiaz gain, bada txinatar elezahar bat hala dela frogatzen duena. Naturaltasunak hain ospe ona duen honetan, tarteka gogoratu behar da atsegin jokatzekoarena egiten duena atsegina izateko bidean dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.