Angel Erro.
JIRA

Bizikletarik ez

2020ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Ezustean harrapatu nau Enrique Maya Iruñeko alkatearen proposamenak, txirrindulariei zirkulazio zergaren bat kobratzekoak. Egunotan beste hiri batzuek hartu dituzten garraio osasungarriagoen aldeko apustuaren kontra doa. Ez du, halere, inor harritu gurean atzeratuta gelditzeak. Gutxik espero zuten, dena den, Iruñeko alkatearen burutazioaren parekorik. Irrati elkarrizketa batean bere buruari galdetu dio autoek ordaindu behar duten zirkulazio zergaren antzekoren bat ez litzaiekeen bizikletei ere aplikatu beharko. Burmuina nola dabilkion behintzat egiaztatzeko balio digu ateraldiak. Terrazadun tabernei, hori bai, udal tasa kendu zaie. Eta bi gurpildunei kobratu nahi.

Berdin du ikerketek zer dioten. Inpaktu ekonomikoa neurtzen duten ikerketak dira gurean azken hitza edukitzen dutenak. Nafarroako liburutegietan inbertitzen den euro bakoitzeko hiruzpalau itzultzen direla frogatu behar izan zuten. Gastu hitzak fama txarra baitu gurean. Inbertsioa dela frogatu behar da. Subentzio hitza sakrilegioa.

Kotxean gidatzen dugun kilometro bakoitzak 0,11 euroko kostu publikoa du. Hori bera bizikletaz eginda 0,18 euroko etekina (oinez 0,37 eurokoa). Azaldu beharko zaio alkate jaunari, batzuek ulertzen duten argudio bakarra baita diruarena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.