Angel Erro.
JIRA

Hitz errugabeak

2020ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Hizkuntzak esaten du gutaz esaterik nahiago ez genukeen asko. Hitzen arteko matxismoari aurre egin arren, genero gramatikalari arreta handia emanez, sintaxian ihes egiten du maiz joera baztertzaileak. Orain gutxi matematikari kordobar batek argitu du hogei urtez askaezin iraundako problema matematikoa. Toki gutxitan agertu da haren izena (Maria Cumplido); andaluziar telebistan bertan ere «una andaluza» aipatu dute goiburuan.

Emakumeek gutxitan dute izena albistegietan, txarrerako ere gizon batekin duten harremanaren arabera aurkezten zaigu. Zaldibar hondakindegiaren kasua auzitegietara eraman duten honetan, Madrilgo egunkari ezkertiar batek enpresan duten karguaz izendatu ditu gizonak, haietako batekin duen ahaidetasunaz emakumea: «La Ertzaintza detiene al dueño del vertedero de Zaldibar, a una sobrina y al ingeniero responsable de la planta». Ezaguna da, orobat, egunkarietan emakumeak hiltzen direla gehienetan ergatibodun eragilerik gabe.

Argi dago zer esaten duten gutaz horrelakoek. Bada beste hitz bat, gaztea, asmo errugabetzailearekin erabili ohi dutena. Gazte izaten dira gure ustez bidegabeki atxilotutakoak edo gertuko ditugunak, beste notizia batzuetako gizonen adin berekoak izan arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.