Angel Erro.
JIRA

Kubak ditu kateak

2021eko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Nafarroaren askatasunik ezari Fermin Balentziak eskaini kanta ezagunaren letra etorri zait burura Kubaz idazterakoan. Badakizue, «Navarra tiene cadenas por adentro y por afuera». Bilatu dut euskarazko bertsiorik ote duen, eta nire harridurarako, bai, badu eta ez du Chill Mafiak egin!: «Nafarroak ditu kateak kanpoan eta barnean». Gero, jakina denez, abestiak jarraitzen du azalduta armarriko kateak direla geureak eta kanpokoak bortxaz jarritakoak.

Kubaz ere, bertako egoeraz, nekez hitz egin daiteke (nahiz eta maiz ikusten dugun halakorik) bortxaz jarritako kate horiek aintzat hartu gabe, Estatu Batuek Kubari 60 urtez ezarritako blokeo komertzial, ekonomiko eta finantzarioa aipatu gabe. Joe Biden, kasu, nola ausartu daiteke Kubari eskatzeko herriari entzun eta beharrei begiratzeko, inori entzun eta inoren beharrei begiratu gabe blokeo gizagabeari eusten dion bitartean?

Baina hala aitortzeak ez gintuen eraman beharko barneko kateak ere egon badaudela ez onartzera, eta horixek egon daitezkeela azken egunotako protesten oinarrian, protesta horien zati batean behintzat. Poetak esan bezala, «batak ez du bestea kentzen; ez lortuak amestua ez ikasiak huts egite». Horietaz kubatarrek baino ez lukete esku hartzerik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.