JIRA

Eskubide berriak

Angel Erro -

2018ko urriak 5
Euskara batuaz ari garela, gogora etorri zait Ana Beltranek orain gutxi «euskara ez ikusteko eskubidea» aldarrikatu zuela behin, Euskararen Legea aldatzeko batzordean, Ion Orzaiz kazetariari apirileko txio batean irakurri bezala. Euskara ez ikusteko eskubidea. Hasieran gaizki irakurri eta ez ote zen, a-rekin, euskara ez ikasteko eskubidea izanen (deretxo xelebrea hura ere). Eskubide berriak asmatzeko gaitasun berezia du Nafarroako PPko bozeramaile oldarkorrak. Berrikiago, «tokietara azkar iristeko eskubidea», konparazione, aipatu du, AHTren sostengarri, inoiz inon lehenago jaso gabeko eskubide bitxia (edozein auto-stop egile galaktiko harrituko lukeena).

Baina ez dabil bera bakarrik Aranzadi lege argitaletxeak bildumatu beharko lituzkeen eskubide berri eta bitxien konpilazioa aberasten. Garai honetako moda ere izan daiteke, berez murrizten ari zaizkigun (benetako) eskubideen disimulagarri (zeinaren aurrean, bide batez, kasketaldiaren eskubidea baino ez omen dugun). Ciudadanos alderdia azkenaldian temati dago «gurasoak izateko eskubidea» behin eta berriz aireratzen, sabel subrogatuen negozio gero eta ilunagoa arautzeko ahaleginean. Laster «gezurtatua ez izateko eskubidea» aldarrikatuko dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna