NATOren Madrilgo gailurrak amaitu behar izan du, ohar nadin zer den hartaz hainbeste gogaitzen nauen hori, hari buruzko notiziak ekiditeraino, are telebista itzalita ere. Halere, enteratu naiz nondik norako nagusiez, lehen damak (eta lehen jaunak) nola eraman dituzten, non eta zer afaldu duten estatuburuek. Laburki esanda: bandoa aukeratu didate nire izenean. Argi ikusi dut saihestu nahi izan dudan erreportaje bat albistegian entzutean. Azaldu dute NATOren terminologia (zahar)berri(tu)an Errusia mehatxua dela eta, gaizki ulertu ez badut, Txina, desafioa. Termino belikoetan azaldu dute, baina mehatxu eta batez ere desafio hura ilustratzeko irudiak ekonomiari zegozkion. Batez besteko ikuslea naizen aldetik, ulertu dut gerra mehatxu edo promesa dakartela merkatu jakin batera makurtu nahi ez dutenek. Modu berean ulertu dut, mehatxu edo desafio horretan, ni zer bandotan egon banagoen. Ados egon ala ez. (Beste bandoan ere egoteko prest egonen ote nintzen inork galdetzeko aukerarik ere gabe).
Beharbada gaizki ohitu gaituzte. Gure iritziak zerbaiterako balio duen. Geure burua non kokatu aukera dezakegula sinetsita, etikoki-edo. Euskal Herriko gatazkan bertan. Baina gerraren gramatika unibertsala beste bat da.
JIRA
Zer bandotan zauden
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu