Frantziako Tourra

La Planchez maiteminduta segitzen du

Tadej Pogacarrek irabazi du Tourreko zazpigarren etapa. Jonas Vingegaardekin sartu da helmugan. Lennard Kamna 75 metro gelditzen zirenean harrapatu dute

La Planchez maiteminduta segitzen du.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
La Super Planche des Belles Filles (7 kilometro, %8,7). Han idatzi zuen Tadej Pogacarrek (UAE) Tourraren eta bere arteko amodio istorioaren lehen orria. Hor irabazi zuen 2020ko Tourra, erlojupekoan Primoz Roglici (Jumbo-Visma) 57 segundoren aldea kenduz. 21 urte zituen orduan, eta Tourra irabazi duen txirrindulari gazteenetan bigarrena bihurtu zen. Oroitzapen onak dauzka esloveniarrak amaierarik gabeko aldapa horietan. Atzo, bi urte geroago, maillot horia soinean zeukala irabazi zuen han Frantziako Tourreko zazpigarren etapa.

Aurreko eguneko etapan bezala, hasierako kilometroetan lehia bizia izan zen eguneko ihesaldian sartzeko, baina azkenerako hamar txirrindularik lortu zuten ihes egitea. Horien artean izan zen Imanol Erbiti (Movistar). UAE eta Ineos lanean jarri ziren, ihesaldia kontrolpean izateko asmoz. Ia hiru minutuko aldearekin hasi zuten Col des Croixeko (3,2 kilometro, %6,3an) jaitsiera aurrean zihoazenek. Azkeneko mendatera minutu eta erdiren aldearekin iritsi zen seikotea. Erbiti, ordea, azken igoera baino lehen harrapatu zuen tropelak.

Igoera hastearekin batera, lau ziklista gelditu ziren aurrean, baina berehala egin zuen aurreraLennard Kamnak (Bora), eta bakar-bakarrik egin zuen helmugarako bidea. Tropelean George Bennettek eta Rafal Majkak (UAE) jarri zuten erritmoa. Aurreneko egunetan ez bezala, UAEk indarra erakutsi zuen mendian, eta Pogacar ondo babestu zuten azken ordura arte. Majka indarrik gabe geratu zenean hasi zen festa. Pogacarrek berak egin zuen erritmo aldaketa 300 metro gelditzen zirenean, eta gurpiletik atera zituen ondoan zituenak. Hala ere, Jonas Vingegaardek, (Jumbo-Visma) estutu, etaeraso kolpe batekin atzean utzi zuen Pogacar bera. Helmugara batera iritsi ziren, eta argi gelditu zen zein den Pogacarren aurkari nagusia aurtengo Tourrean.

Azken metro amaigabeak

75 metro gelditzen zirenean harrapatu zuten artean ihesean segitzen zuen Kamna, azkeneko aldapa pikoan (%24an). Vingegaardek aurretik hasi zituen azkeneko 100 metroak, baina Pogacarrek burua hotz mantendu zuen une oro, eta azkeneko pedalkadetan aurreratu zuen danimarkarra. Pogacar izan zen garaile, eta aurtengo bigarren garaipena lortu zuen. Primoz Roglic (Jumbo-Visma) izan zen hirugarren, 12 segundora. Beste faboritoak banan-banan sartu ziren helmugan. Geraint Thomas (Ineos) 14 segundora iritsi zen, eta Enric Mas (Movistar), 21era. Ineoseko beste liderrak, Adam Yates eta Daniel Felipe Martinez, 29 eta 45 segundora helmugaratu ziren, hurrenez hurren. Aleksandr Vlasovek (Bora) gehiago sufritu zuen aldapan gora, eta 1:39 galdu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.