JIRA

Elastiko zuria

Angel Erro -

2018ko uztailak 7
Zutabe hau idazten ari naizen unean (lana aurreratu nahi izan baitut) ezin dut jakin zer arrakasta lortu duen sanferminetako txupinazora emakumezkoak elastiko beltzez jantzita joateko deialdiak. Whatsappeko talderen batean jaso dut deialdia. Iruñerriko feministek egindako kontraproposamena ez zait bide beretik heldu. Hedabideen krisia plano pertsonalera ere iristen da. Prentsa estatala eta mezu biralak versus tokian tokikoa eta ahoz ahokoa. Ezin, beraz, esan zenbat emakume agertu ziren atzo, asmo onez, beltzez jantzita. Asko baziren, ni pozik. Gutxi baziren, horrelakoetan gertatzen den bezala, ez nuke jakinen axolagabekeria edo bertako feminismoaren eraginaren ondorio izan den.

Edonola ere, datozen egunotan, Iruñera etorri ala ez, elastiko zuria ala beltza eraman, zapia gorri ala morea, hasierako lixiba egin ondoren edozein koloretako arropa jantzita ere, gauza bat argi dago, ez bakarrik Iruñeko festa hauetan, baita Euskal Herri osoan jarraian datozen gainerakoetan ere, emakumeen ahalduntzea izanen dela protagonista, atzerakorik gabe. Aspaldian ez bezalako ilusioz atera naiz, eta aterako, kalera, dudarik gabe jakinda inoiz (iazkoa ere) baino gizarte hobe, engaiatuago baten partaide naizela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna