Angel Erro.
JIRA

Putzu zuria

2018ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Iruñeko Zapatagileen eta Putzu Zuriaren kaleen bidegurutzean eseri naiz atseden hartzera, bide luzeegia egin ondoren. Berez, ez nuen luzatzeko asmorik. Zapata dendetako batean sartu behar nuen, apurtutako oinetakoak ordezkatzera. Iluntzear da. Eseri, eta tarte batez begiratu dut jendea ondotik pasatzen. Denboraren nozioa galdu dut. Geldiune teknikoa zena beste zerbait bihurtzen ari da. Ohartzen naiz orduak eman nitzakeela hor. Jendeari begira, oinezkoen ezaxolak nolabait babestuta. Agian, putzu zaharra egondako toki zehatzaren gainean jarrita, lotura telurikoa sortu dut hiriaren arimarekin. Agian, besterik gabe, zahartzen ari naiz, eta hau datorkidanaren atarikoa baino ez da. Azken ideia honek ikara eragin dit. Ezagunen batek hor geldirik ikusteko aukerak lotsarazten dit, baina ez naiz zutitzera deliberatzen. Aitzakiaren baten bila edo, pentsatu dut euskaraldia erabil nezakeela hurrengo batean. Ahobizi izan behar banu ere, hemen eserita egokiagoa iruditzen zait Belarriprest-aren rola hartuta, konfesatoki batean bezala, neure burua eskaintzea aitorpen guztietara goizetik gauera arte. Ia performance batean bezala. Silvia R. urrutitik ikusi dut. Altxatu, agurtu, eta Basoco zapata dendan sartu naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.