Angel Erro.
JIRA

Lotsa gorde

2018ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Badakidalako besteek morboso deritzoten parte horrek zenbat garrantzi duen norberaren biografian, boikota eginen diot Bohemian Rapsody filmari. Santi Leonéri leitu nion lehenbizi, Mercuryren alde homosexuala bi musutara mugatzen zela. Gero jakin dut Baron Cohenek kantariarena jokatu behar zuela eta gordinkeria guztiekin agertu nahi zuela, baina taldeak saihestu zuen. Nekez lortu omen dute Jim Hutton bikotekidea agerraraztea.

Arrazoi berberengatik ez dut inoiz leitu, modan zegoenean jakin-mina izan arren, V. M. Manfredik idatzitako Alexandro Handiaren trilogia, protagonista gonazale bihurtuta, homosexualitatearen gaiaren gainean oin-puntetan igarotzen baita.

Andolin Eguzkitzaren hiletan egondako lagun batek kontatu dit, haren bikotekidearen negar eta garrasiek eskandalua sor ez zezaten, euskaltzain batek edo bik atera zutela segiziotik. Ordukoak ikusita eta entzunda, lagunak zin eginarazi zidan haren hiletan oholtzara atera eta, lehenago ez ikusia egin bazioten, mesedez, nik esateko marikoi handi bat izana zela. Inori ardura ez omen dioten horiek, gure kasuan, ez baitira isilik gordetzekoak, nahiz eta bizialdian lehen planoan egon ez. Lotsa gorde beti berberei eta toki beretik gorde nahi baitigute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.