Angel Erro.
JIRA

Toki arriskutsua

2018ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Trumpek ez du sinesten klima aldaketan (esan berri du), baina batez ere ez du sinesten klima aldaketaren ondorioetan, eta, zehatzago, ez ditu gogoko klima aldaketaren ondorioak saihesteko neurriek ekarriko lituzketen ondorio ekonomikoak. Eta ondorio ekonomikoak beste ezeren gainetik jartzeko joeraren kontra ez dago zer eginik. Oso barneratuta dagoen joera da. Periodikoetako goiburuak, politikarien hitzaldiak beteta egoten dira erabaki zehatzek ekarriko lituzkeen ondorio ekonomiko inmediatoez (halako hostel batek hiri erdian sorraraziko lituzkeen lanpostuak edo are liburutegietan inbertitutako euro bakoitzeko gizarteari zenbat euro itzultzen zaizkion, zenbaki eurodunak ulergarriagoak omen baitira).

Trumpek ez omen du sinesten klima aldaketan, baina, lehenago aipatu arrazoiengatik, ez da hain sinesgaitz agertu, Saudi Arabiako printzearekin hitz egin ondoren, horek Khashoggi kazetariaren erailketaren inguruan eskaini dion azalpenarekin. «Baliteke printze erregegaiak jakitea, baliteke ez jakitea, berak behintzat suharki gezurtatu dit, eta, edozein modutan, mundua oso toki arriskutsua da», esan du.

Arrazoia du mundua oso toki arriskutsua delako horretan, belaunaldiz belaunaldi bizigaitzagoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.