Angel Erro.
JIRA

Elizatik ikasten

2019ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Asko ikasi behar dugu (ez naiz ironiaz ari), gauza asko ikasi behar ditugu, Benedikto XVI.ak urteetako isiltasuna utzita protagonismoa itzuli dion hemezortzi orrialdeko hausnarketaz, non Eliza Katoliko Erromakoak izandako pederastia kasuen azken zergatia hizpide hartu baitu. Ikasi autokritika nola ez egin. Ikasi, inguruko arazoen azterketa egitean, nor bere betiko etsaigo eta ezinikusiek nola dezaketen itsutu.

Uste du Ratzinger aitasantukideak apaizek abusuak egin izanaren errua 68ko maiatzak ekarritako kolapso moralarena dela, Kontzilioaren osteko Elizak borrokatzen jakin ez duen irekikeriarena. Teologo finak abusuen auzia arazo teologiko bilakatu du, hortik erosoago behatzeko, eta eztenak moralaren zaintzaile zorrotz moduan ohituta dagoen jomuga berdinetara jaurti ahal izateko. Elizak gaur egun duen arazo handienaren errua ortodoxia katolikoaren kontrakoek dute. Hara karanbola!

Berez, berdin zait berak zer iritzi duen. Hamaika puntutatik egiten ahal zaie aurka argudio horiei. Balio izan dit, berriz, kontzientzia-etsamina egiteko, hark ez bezala, eta neure burua jarrera horretan erortzetik libre ez nagoela aitortzeko. Askotan betiko etsaiengana jotzen dugu geure ardurapean daudenak ere aztertzerakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.