Angel Erro.
JIRA

Ilaran

2020ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Ohi baino hutsago topatu dut beheko taberna, kafea hartzera jaitsi naizenean. Nik buruan erabili eta uxatutako beldurrak joko zuen jende gehiago. Azkenean, inork ez du berez goiz erdiko kafe bat benetan behar, suposatzen dut, etxean bakarka lan egin ezean. Loteria bulegoaren aurretik pasatzean ere hutsik topatu dut, gauza arraroa astelehen goiz batean. Horrek gehiago kezkatu nau. Hiru emakume zahar bilduta ikusi ditut supermerkatuaren sarreran. Horretaz ari ziren, aipatu ez badute ere. Bat desenkusatu da besteei muin ez egiteagatik. Beste batek ulertu du. Azkenak telebista katea aldatzen du, dio, horri buruz entzun orduko. Herri honek desinformazioarekin duen lilurak hasieran sutu (eta zutabe baterako gai posiblea eskaini dit), baina berehala bigundu naiz, erosketa egin bitartean. Haiek dira, adinean gorakoak, babesgabeenak; telebistan heriotza kasuei garrantzia kentzen diete aurretiko gaixotasunak eta, batez ere, hirugarren adinekoak egonez gero. «Inork ez du bizitza maite zahar batek bezala», gogoratu zait. Bizitza eta bere denbora. Beste kutxa bat ireki dute ordaintzeko eta bi zahar kolatu zaizkit. Ez dute galtzeko denborarik, gauzak nola dauden. Nik ere ez. Atzeko mutilari aurretik pasatzen utzi diot.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.