Angel Erro.
JIRA

Bizitza guztiek

2020ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Desados egon zaitezke ados zauden lelo batekin? Bizitza guztiek inporta dutela esatearen kontra nor egon daiteke? Bost bat urte ditu All lives matter esloganak. Sakatzen duen gezurra ez da begien bistakoa, Black lives matter esaldiari erantzun moduan sortu zela jakin ezean. Jakina bizitza guztiek berdin balio dutela, guztiek axola dutela; horixe da, hain zuzen, arrazismo instituzionalizatu eta indarkeria arrazistaren salaketa horrek adierazi nahi duena, beltzak ere badirela nor. Horixe da black lives matter-ek gogoratzen diguna, modu grafikoan gogoratu ere.

Zuri supremazisten estrategia ez da traketsa. Berdintasun eskaera pribilegio eskaeratzat pasarazi nahi du eta horri, duinarena eginez, beste berdintasun eskaera (zabalago) bat kontrajartzen dio: «Beltzen bizitzek bakarrik? Guztiek dute axola». Leloa 2015ekoa-edo dela esan dut, baina trikimailua askoz lehenagokoa.

Ez nintzen ausartuko (AEBetako) arrazismo auzia beste edozerekin konparatzen. Sare sozialetan batzuek Kataluniarekin nahasi dute. Nago kontraeraginkorrak direla paralelo horiek. Argi daukadana da minoria baten salaketa zehatz baten aurrean supremazisten estrategia hura (all lives matter aldarrikatzekoa) lehenago ikusi dugula, ia bere horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.