Angel Erro.
JIRA

Iheslariak

2020ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Entzun duzue txistea? Zer dute elkarrekin Espainiako errege familiak eta ezker abertzaleak? Biek dituzte kideak kartzelan, erbestean eta erakundeetan. Paralelotasun ausarta areagotzera etorri da Juan Carlos Borboikoa Espainiarekin estradizio itunik ez duen Dominikar Errepublikara aldatuko delako zurrumurrua. Fiskaltzak ikerketa ireki du, Suitzan irekita zegoenaren ildotik, denok lehenagotik ezagutzen zizkioten ustel kasuak argitze aldera.

Kanpoan ikertzen hastea erabakigarria izan da, dudarik gabe, auziari bide emateko, agian eratorriko diren ondorioak kontrolpean edukitzeko estrategian. Kongresuan alderdi nagusiek izan duten jarrerak aski aztarna argia ematen du estatuaren erakunde nagusien trapu zikinak garbitzeko dagoen gogo eskasaz. Kanpotik begira daudenean bakarrik plantak egin behar. Horrexegatik CIAk argitara eman duen egiaztapenak, Felipe Gonzalez presidente ohiak GAL erakunde terrorista sortzeko izan zuen paperaren inguruan, hautsa pixka bat harrotu du, kare biziaren hauts zaharra harrotu ere. Nork ez zekien dagoeneko? Baina orain CIAk dio. Gonzalezek lana aurreratu du. Dominikar Errepublikan etxebizitza omen du dagoeneko. Errege ohiak izanen du beste iheslarien konpainian egunerokoa xamurrago eramatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.