Angel Erro.
JIRA

Hiru propietate

2020ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Euskarak, superelikagaiek bezala, propietate ugari ditu. Gaur, haietako hiru aipatuko ditugu, ez derrigorrez nagusienak. Lehenak, azenarioak baino betakaroteno gehiago balitu bezala, ikusmena fintzeko ahalmena du, nola frogatzen baitu (Iruñeko Udalak atera berri dituen balkoietatik zintzilikatzeko kartoizko zapi gorrietan ageri den gaztelania eta euskararen idazkien arteko letra neurri alde nabarmena).

Bigarren propietatea euskarafobo elebakarrengan eragiten duen erreakzio paradoxikoan aurki dezakegu: berdin harritzen dira eta berdin gogaitzen dira hala euskarazko lexikoa barneraezina iruditzen zaienean («ez dago tronpoilo hori ulertuko duenik»), nola nazioarteko hitzetara hurbiltzen denean («irrigarria: aireportua esaten da!»).

Hirugarren propietatea itzulgarritasunarekin dago lotuta; ezaugarri hau elkarrekin du beste hizkuntza gutxituekin: bakarka agertzen denean, hura ulertzen ez duen elebakarrengan sortzen du elebitasunaren halako aldarrikapen gogo eutsiezin iragankorra (Mikel San Jose eta Beñat Etxeberria futbolariek Athletic taldea utziko dutela euskaraz iragartzean, esaterako, asko eta asko asaldatu dira, soilik euskaraz esan dutelako, gauzak soilik erdaraz agertzeaz inoiz kexatu ez direnak).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.