Angel Erro.
JIRA

Kaleen izena

2020ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Jatorri urruti eta misteriotsukoak ziren nire haurtzaro eta gaztaroaren kaleen izenak. Burlatako Ermita kaleak, Larraintzar plazak eta Iturri kaleak izenetan zeramaten baselizaren, larrain zaharraren eta iturriaren berri liburu erudituetan bilatu behar da, ez baita arrastorik inondik ageri, eta inori ez zaio bereziki axola. Horrelako kaleen izenak maite ditut. Beharbada nire haurtzaroko eta gaztaroko kaleen izenak direlako. Betikotasunaren halako sentsazioa ematen dute. Mendeetan deitu zaie horrela eta ez da erraz udalbatzak deitura aldatzerik ere.

Gasteizko udalak Juan Karlos I izena kendu dio bertako kale bati, Espainiako errege ohiak agerrarazi duen eredugarritasun falta dela kausa (berez, eredugarritasun falta horren jakitun ziren denak, baina orain jendarteratu da, besterik gabe; lotsa pribatua publikotu da). Ongi egina. Zer esan? Akatsa agian izan zen errege edo erregina bat ezeren eredua izan zitekeela uste zuenarena. Iruñean erregina baten izena ere kendu zuten orain gutxi. Baina hori beste istorio bat da. Kale hauen izenek ez dute betikotasunaren inolako sentsaziorik ematen. Kontrara. Kaleen izenak kentzea seguruenik izanen da Espainiako erregeak pairatu beharko duen zigor bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.