Angel Erro.
JIRA

Sabotajea

2022ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Gaur, mesedez, albistegirik ez, eskatu dit bikotekideak eta onartu diot. Gas hodien sabotajea, Donbasseko erreferenduma, Italiakoa... Hondoa nola jotzen ari garen ikusi beharra. Baina nik gaurkoan zerbaitez idatziko badut, Naufragoak saio berriari uko egin behar eta ezkutuan bilatu ditut egunkari digitalen berriak.

Ez zait argi gelditu bigarren gerra hotz betean gauden ala munduko hirugarrenean. Oraingo honetan, baina, Alemaniak ez dirudi rol handirik jokatuko duenik. Nork esanen zigun zeinen azkar pitzatu den Europako lokomotorra omen zena (eta Europa osoa berarekin?). Gas hodien sabotajeak jokoz kanpo harrapatu du (eta utzi ere?), Errusiarekiko menpekotasun energetikoaren aldeko apustuak lidergoaren galera ekarri dio; ez dakigu, baina, noren eskutan utzita. Kasualitatea da eskuin muturra arrastoan sartuta eduki duen herrialde bakarrenetakoaren gainbehera eta mugimendu horren gorakada bat etortzea?

Film onak etorriko dira denborarekin, honek guztiz finitzen ez bagaitu, Nord Stream-en sabotajea ardatz izanen dutenak, menturaz bikotekideak nirekin ikusi nahiko dituenak, gauza jakina delako gerra hotz eta munduko gerrek intrigazko fikzio ona ematen dutela, gaur ez dugun argitasuna eta itxaropena eskaintzeko gauza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.