Angel Erro.
JIRA

Bizi osorako

2021eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Pandemiak ekarri egoera latzetako bat eman dute erreportaje batean. Agure bat egunero doa alzheimerrak jota dagoen emazteari egoitzara bisita egitera, baina barrura sartu ezin eta kaletik ikusten du, leiho baten ondoan eserita, bakoitza beiraren alde banatan. Gazte zireneko argazkiak erakusten dizkio (bizitza osoa elkarrekin daramate), kristalari pegatuta, «bizi oso bat ahantz ez dezan». Andreak, berriz, begirada galdua du gehienetan. Malkoa atera zait.

Gorputzaldi txarra pasatu zaidanean, pentsakor gelditu naiz, bizialdi osoa elkarrekin eman duten bikote horiek seguruenik ez dira gehiengoa gaur egun, agian inoiz ez dira izan; halere, eritzearen drama begietaratzeko erabiltzen dituzte. Irudikatu dut memoria galtzen hasitakoa ni edo nire bikotekidea bagina. Ni ere joanen nintzaion egunero bisitan, baina bizi oso bat akordura ekarri ahal niokeen pretentsiorik gabe. Heldutan ezagutu dugu elkar eta ez dugu inon sinatu bizitza osorako kontraturik. Maite ditugun pertsonengan kapitulu bat baino ez gara, maitasunaren narratiba nagusia oraindik erabatekotasunarekin tematuta dagoen arren. Horrek ez du arintzen, jakina, geroak ekar dezakeenik. Baina zorionez ez dugu osorik ezagutzen elkar, ezta geure burua ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.