Angel Erro.
JIRA

Jainkoen adina

2022ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
EAJko goi kargudun ohi batek duela 46 urte desagertutako Bako jainkoaren eskultura bat itzuli du, bere etxetik itzuli ere, eta horrek halako eskandalu txiki bat eragin du. Egia da ondare publikoak nork bere poltsikora edo bere etxera apaingarri eramatea aski eskandalagarria izan daitekeela, batez ere denboraren gure pertzepzio murritzetik epaituz gero.

Suposatzen dut kasu honi heldu behar zaiola aintzat hartuta estatua baten istorioan 46 urte huskeria dela, begi-kliska bat, batez ere dena delako pieza arkeologikoa bigarren mendekoa baldin bada, hots, artea iraunkorra eta are eternoa ere izateko asmoz egiten zenean. Gainera, harri landua jainko baten errepresentazioa da, izaki hilezkor batena, eta, izenez aldatuta bada ere, Araban ardoaren jainkoari gur egiten jarraitu zaiola argi dago. Eta zer dira 46 urte jainko baten jainkoaldian, batez ere horditasunaren dohaina badu?

Bestetik, etxera eraman zuena ez da edozein, iraunkorra eta are eternoa ere izateko asmoz jokatzen duen alderdi bateko kidea baizik. Zer dira 46 urte eusko alderdi jeltzalearentzat? Agintean ordukoak eta oraingoak berberak direlako itzuli ahal izan da, bazterrak gehiegi harrotu gabe, museo batera Bako, diferentzia gutxi nabarituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.