Angel Erro.
JIRA

Gustuez

2018ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Gustuei buruz eztabaidarik ez, esan ohi da, baina ez da egia. Eztabaida handiak pizten ditu gustuen kontuak. Horregatik agian, haiek saihesteko, edo bestela garai sailkatu zalean gaudelako, nire inguruan nabaritu dut jendeak maiz nahiago dituela bere gustuak etiketa baten atzean (edo debeku baten atzean) ezkutatu. Baliteke fruta gustatzen ez zaionak, hura azkenburuko eskainitakoan, uko egitea, jan ondoren onik egiten ez duela nonbait irakurri duelako. Bazkari berean digeritzen errazak ez diren hamaika kontu ahoratu badu ere, ez omen du horrelakoei buruz irakurri izana gogoan. Nire dietak haragi gorria debekatzen duela esaten badut, errazago libra naiteke mahaikidearen erretolikaz, nazka ematen didala aitortuta baino.

Gure gustuari, geure buruari gustu emateari, eite zientifikoa ematen diogu. Berez susmoa dut kapritxoa nolabait justifikatuz ibili behar horrek jatorri antihedonikoa salatzen duela. Talde pertenentziak ere askotan murrizten du presio soziala. Jendeak hobeto ulertuko du fetitxista zarela esaten baduzu, zehaztu gabe, azalpenetan hasiko bazina baino. Beldur naiz hau guztia tolerantzia itxura baino ez den, bestearen desiraren aurrez aurre egoteak eragiten duen ezinegonaren adierazlea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.